Bilaketak

Anfora

RSS-Podcast

aa

Kitto. Hautsi da. Hautsi da Anfora. 101 saio egin eta amaitu dugu. Azken saioa izan da gaurkoa eta anfora zatiak itsasora bota ditugu, olatuek lurralde berrietara eraman ditzaten. Itziar Amestoyren zinema estreinaldiak eta Esne Beltzaren Noa disko berriko doinuak izan ditugu gaur hizpide. Eta despedida tonua. Sormenez gainezka arrakalatu zaio buztina gure anforari. Birsortuko da beste izaeraren batekin, beste soinu batzuekin… Hilabeteotako ibilbidea plazer bat izan da guretzat, eta gustura multiplikatuko gara anfora hautsiaren mila ispiluetan. Hurrengora arte. Muxu bana guztioi!

Hauxen da despedidea!“… bene-benetakoa bihar etorriko da baina gaur hiru lagun agurtu ditugu. Badok.info atalean 70eko yeye musika aztertu du Jon Eskisableek: Ameslariak, Erlak eta Urretxindorrak. Aiora Kintana satorrak gazteek eraiki dituzten sormen proiektuak izan ditu hizpide. Eta azkenik, Gorka Juliok 29ko greba orokorra jarraitzeko sarean sortu den ekimen bateratzailea azaldu du. Atzo arratseko suaren beroa daramagu saihets artean!

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea sortu berri dute eta lehen emanaldi publikoa egin dute Bilboko Kafe Antzokian. Anfora bertan izan da eta bildutako antzerkizaleen iritziak eta asmoak entzun ditugu. Sokaide taldearen Ortozik diskoari buruz ere jardun dugu Igon Olaguenaga musikariarekin. Azkenik, Koldo Otamendik Xarma musika taldearen Amaraunak diskoa gomendatu digu. San Juan gaueko sutan zer erre pentsatu al duzue?

Agurrez jositako aste honetan, gaur, Matriuskaren txanda izan da. Miren Aranguren eta Ibon Arrizabalaga izan dira mahai-inguruko gidari, baina Estitxu Eizagirre kazetaria eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria gonbidatu ditugu euren eremutik Matriuska azter dezaten. Azkenerako, matriuskaren barne-barneko panpin txikia topatu dugu, geure barnekoa alegia.

Ikasturte guztian zehar hainbat gai jorratu dugu Mikroskopioa izeneko atalean egin ditugun erreportajeekin. Gaur, errepaso orokor bat eman diegu, oroimena astinduz. Euskal Herriko kulturgileen kezkak biltzen eta egunerokotasunean bizi dutena plazaratzen saiatu gara eta helburu horrekin pasatu dira komikigileak, kaleko antzerkilariak, musikaren industrian dabiltzanak, dj-ak, bertsolariak, ipuin kontalariak, literatur taldeetakoak…. Gari Berasaluzek, hil berria den Jose Saramagoren “Itsutasunari buruzko entsegua” gomendatu digu, literaturara engantxatzeko lana.

Euskarazko pop garaikidearen maisuak dira Kerobia taldekoak eta Ontziak izeneko azken diskoaz aritu da hizketan Mikel Zorrila bateria-jotzailea. Bestalde, Zugarramurdin bihar akelarre garaikidea ospatuko dute eta Sugarren Erdin ikuskizunari buruzko xehetasunak ezagutu ditugu.

Badok.info atalerako Jon Eskisabelek oso jende gutxik entzun duen musika ekarri digu, bai behintzat bertsio honetan. Anje Duhaldek bere ibilbidearen hasieran kaleratu zuen lehen singlea entzun dugu, plazerez. Bestalde, Gorka Juliok aipatu digu, erabat espezializatutako jendea beharko den arren, aurrerantzean, diziplina anitzetan moldatzeko gaitasuna duen jendeak arrakastarako aukera gehiago izango dituela; berpizkunde garai berria iragarri du, Da Vinci garaikideak sortzeko.

Anfora abiatu genuenean ireki genuen koaderno morea eta bertan idatzi ditugu Matriuska ataleko apunte guztiak. Gaur, ikasturtea amaitzeko traza hartzen ari denean, Miren Aranguren eta Ibon Arrizabalaga biak elkarrekin izan ditugu ikasturteko pasarte eta eduki esanguratsuenak errepasatzen.

« Aurreko berriak ::